logos

Udaleko eta Txingudiko Zerbitzuen Mankomunitateko ordezkariak ikasleekin bildu dira


Foro HondarribiJoan den ekainean Hondarribiko ikasleek azken hiru ikasturteetan ura eta hondakinen gaian landutakoaren emaitzak aurkeztu eta zenbait eskaera egin zizkioten udal ordezkariei Eskolako Agenda 21 programaren baitan ospatutako Eskolak-Udala Foroan. Eskaera horiek erantzun asmoz, Hondarribiko Udaleko eta Txingudiko Zerbitzuak Mankomunitateko ordezkariak eskoletako ikasleekin bildu ziren azaroaren 10ean udaletxeko udalbatza aretoan.

Osteguneko saioan ikasleek jasotako erantzunen artean, honakoak aipatu ziren:

  • Ur ekosistemei lotuta, esate baterako, Hondarribiko hondartzak, ISO 9001 eta ISO 14001 kudeaketa sistemak betetzen dituen ziurtagiriak lortu zituen eta orduz geroztik, kudeaketa sistema hauek zehazten duten prozedura jarraitzen da, ingurumen arloko gaien jarraipena gauzatuz.
  • Jaitzubiako paduren babesari buruz, ingurune honen hobekuntzarako obrak laster jarriko direla martxan aipatu zuten udal ordezkariek. Lan hauen artean, besteak beste, honakoak aipa daitezke: oinezko bideak egokitu, zubiak konpondu, banku eta eserlekuak konpondu, herritarrak informatu eta sentsibilizatzeko seinale eta kartel berriak jarriko dira.
  • Sentsibilizazio kanpainei dagokionez, Txingudiko Zerbitzuak Mankomunitateko ordezkariak jakinarazi zuen 2011 urtean hainbat kanpaina egin direla eskualdeko bigarren eta lehen hezkuntzako eskoletan. Era berean, abenduan edukiontzi eta beiraren birziklapenaren aldeko sentsibilizazio kanpaina bat antolatuko dutela aurreratu zuen.
  • Bestetik, Amute, Mendelu eta Puntal auzoetan hondakinen bilketa organikoa ezartzeko esperientzi pilotua abian jarri dela jakinarazi zuen Mankomunitateko ordezkariak.
  • Datorren urte hasieran Hondarribiko biztanleek euren etxeko ur-kontsumoen kontsulta Mankomunitatearen web gunetik egiteko aukera izango dutela aurreratu zuen Txingudiko Zerbitzuakeko ordezkariak.


Jarraian Aitor Kerejeta Alkateak aurreko ikasturtean planteatutako mugikortasunari lotutako zenbait eskaera ere erantzun zituen. Besteak beste, Alkateak ikasleei jakinarazi zien aurten jorratuko zuten Oinez Eskolara ekimenaren barruan eskolara joateko bide seguruak zehaztu eta beharrak identifikatzeko aukera izango zutela.

Amaitzeko, Hondarribiako eskolek Eskolako Agenda 21 programa laugarren urtez abiatu duten ikasturte honetan, eskola komunitatea osatzen duten eragileek MUGIKORTASUNA lantzen ari direla jakinarazi zuten.