
Lezoko eskolen eta Udalaren arteko foroa
Azaroaren 8an, Lezoko Gezala Aretoan, ikasturte honetako lehen Eskola-Udalak Foroa antolatu zen Lezon. Bilera honetan udal ordezkariek 2010/11 ikasturte amaieran, hondakinen gaiari lotuta, ikasleek aurkeztutako eskaerak erantzun zituzten.
Leire Beteta ingurumen teknikariak eta Eneko Lartigek ingurumen zinegotziak eskaera guztiak banan-banan azaldu zizkieten Lezo Institutuko eta Herri Eskolako ikasleei. Jarraian bildu ditugu erantzunetako batzuk:
- Eskaera: Hondakinak murriztu, berrerabili eta birziklatzeko informazio eta kontzientziazio kanpainak antolatzea
Erantzuna: Datorren azaroaren 26ean Kontsumo arduratsuaren azoka ospatuko da Lezon. Azokaren helburuen artean dago hondakinen prebentzioa eta berrerabilpena sustatzea, baita gai horri buruzko ingurumen hezkuntza zabaltzea ere. Horrela, azokan hondakinen kudeaketa egokiari buruzko informazioa egongo da, eta ahal den herritar gehien parte hartzea da Udalaren nahia. Ikastetxeak ere gonbidatuak zaudete bertan parte hartzea, eta horretarako gune berezi bat aurreikusi da. Baina hori hasiera besterik ez da izango.
Gai hori hurrengo urteetako ardatz garrantzitsuenetako bat izango da Udalarentzat. Egoera goitik behera aldatzeko garaia dugu, baina herritar guztiekin egin behar dugu hori, guztiok sortzen baitugu zaborra. Zuen guztien laguntza behar dugu horretarako.
- Eskaera: Elbarri eta txikientzat egokitutako edukiontziak jartzea
Erantzuna: Edukiontziak berritzerakoan kontuan izaten saiatuko garen ekarpena izango da hau.
- Eskaera: Zigarro muturrek kaleak ez zikintzeko, kaleetan hautsontziak jartzea
Erantzuna: Edukiontziak jarri baino, ohitura txar hori aldatzea da egokiena. Herritarrok kalea garbi mantentze horretan parte hartu behar dugu, izan ere, kalea denona da. Herritarren ohiturak aldatzea ez da erraza, eta hautsontziak jartzeak ez du arazoa konponduko jendeak erabiltzeko ohitura ez badu.
Saioarekin amaitzeko Lezoko Herri Eskola eta Lezo Institutuko ikasleek 2011/2012 ikasturtean BIOANIZTASUNA lantzen ari direla jakinarazi diete udal ordezkariei. Une honetan, ikasleek, hautatuko gaiaren inguruan eskolaren egoera zein den aztertzen ari dira eta, bide batez, bioaniztasunaren inguruan sentsibilizatzen.