
Klima Aldaketaren Lege proiektua
Eusko Jaurlaritzak 2008 urtean onartu zuen Klima Aldaketaren Aurka Borrokatzeko Euskal Plana (2008-2012), zeinaren xedea karbonoarekiko mendekotasun gutxiago duen eredu sozioekonomiko bat sendotzea den, klima aldaketak ahalik eta eragin gutxien eragin gaitzan.
Aipatu Planaren indarraldia hurrengo urtearen amaieran amaituko dela aintzat hartuz eta horrekin batera, klima aldaketaren arazoari lotuta gertatu diren egoera eta erronka berriei erantzuteko asmoz, Eusko Jaurlaritzak klima aldaketari aurre egiteko legearen zirriborroa prestatu du eta irailerako aurkezteko moduan izango da. Legearekin batera, 2012-2020 epealdirako plan berria onartzea aurreikusten du Jaurlaritzak.
Euskal Autonomia Erkidegoan klima aldaketari aurre egiteko legearen helburua klima aldaketaren aldagaia herri-administrazioen gaikako politiketan barneratzeko printzipio eta jarraibideak ezartzea da. Klima aldaketaren aldagaia barneratzen duten politikek sustapen publiko nahiz pribatutik karbono gutxi behar duten teknologien erabilpena bultzatu beharko dute, klima aldaketara egokitzeko eta bere ondorioak arintzeko neurriei buruzko ezagutza sustatuko dute eta horrekin batera, herritarren kontsumo ohituren aldaketa ere bultzatuko dute.
Foru Aldundiek eta udalek izango duten entzunaldiaz gain, ekaina eta uztailean zehar garatzen ari den partaidetza prozesu bat abiarazi du Eusko Jaurlaritzak. Horretarako, klima aldaketarekin zerikusia duten ekonomia eta gizarte eragile nagusienei zuzendutako gaikako lan bilerez gain, gune birtuala ere martxan jarri da: Irekia gune birtuala. Uztaila amaitu ondoren, legeak ezarritako jendaurreko kontsultarako izapide formalak beteko ditu Jaurlaritzak.
Informazio gehigarria: Eusko Jaurlaritzaren ingurumen ataria