logos

Eskolak natur ondarean murgilduta


planta invasoraLezoko Udalak udalerriko bioaniztasuna babesteko neurri ezberdinak jarri ditu martxan eta Lezo Herri-Eskolak nahiz Lezo Institutuak lan horietako batzuk gertutik ezagutzeko aukera izango dute.

Horrela, bi eskola zentroek urrian zehar irteera ezberdinak antolatu dituzte Lezoko bioaniztasunarekin harremana duten bi eremu aztertu eta ateratako ondorioak hurrengo hilabeteetan osatuko duten Lezoko natur ondareari buruzko diagnostikoan barneratzeko. Lezoko ikasleek egingo dituzten irteera horiek 2011-2012 ikasturteko Eskolako Agenda 21 hezkuntza programaren baitan kokatzen dira. Izan ere, ikasturte honetan zehar Lezoko eskola komunitatea bioaniztasunaren gaian murgilduta egongo baita.

Lezoko Udalak sustatutako naturaren berreskuratze lanei dagokionez, lan gehienak Jaizkibel–Aiako Harria korridore ekologikoaren bioaniztasuna eta tokiko loturak hobetzeko proiektatutakoak dira. Honakoak dira ekimen nagusiak:

  • Jaizkibel mendiko bertako basoak berreskuratzeko lanak (Kredoarriko eremuan)
  • Jaizkibelen, euri-ura jasotzen duen urmael txiki baten eraketa, anfibioentzat, intsektuentzat eta beste espezie batzuentzat babesgune izango dena
  • Altamiragain parkean landare inbaditzaileak ezabatzea eta eremu horretan bertako 440 zuhaitz eta zuhaixka landatzea
  • Altamiragain parkean 100 metro linea elektriko lurperatzea, 40 zuhaitz inguru babesteko
  • Bakarraiztegiko eremuan bertan arauz kontra isuritako hondakinak bildu (3.640 kilo hondakin orotara), 60 zuhaitz landatu eta landare inbaditzaileak ezabatu dira. Horrez gain, hondakinen isurketa ekiditeko asmoz, hesi eta seinaleak jarri dira zonalde horretan.


Informazio gehigarria www.lezo.net web gunean.